Gau beltzeko funts bilketa berezia
… eta gau beltzera heldu gara. Ongi etorri teknologia-izugarrikerien aratustera!
Domu Santu bezperako gau ilun luzeko munstrokeria ikaragarriek bizkarrezurra hotzikaraz betetzen duten arren, gehienbat irudimenezkoak dira; software jabedunaren hornitzaile harrapakarien mehatxu makurrek, ordea, benetakoak izaten jarraitzen dute.
Baina ez izan beldurrik! Guk, KDE komunitateak, zure ordenagailuak, telefonoak eta etxetresna elektrikoak jazartzen dituzten aplikazio jabedun beldurgarri eta maltzur guztietatik babestuko ditugu zure lagunak, sendia, enpresa, eta komunitatea.
Baina ezin dugu bakarrik egin! Zure laguntza behar dugu haraindiko teknologia-deabru hilotz-jaleen aurkako borrokan. Erabili inprimakia gure diru-bilketari nahi duzun kopuruko dohaintza egiteko eta lagun iezaguzu indar ilunak urrun mantentzen.
Bitartean, gozatu (edo sufritu) ezinegona eragiten duten hiru istorio berrirekin, eta hausnartu irakasten dizkiguten lezioei buruz. Ikasi haietatik, protagonistak konturatu zirenerako beranduegi baitzen…
Dohaintzan emandakoa (egunero eguneratzen da)
| 50K € | 75K € | 100K € |
Software jabedunaren amesgaiztoak
EZ DAGO BENETAN DOAKOA DEN EZER
Jonek Piztu botoia sakatu zuen. Magaleko berria garesti atera zitzaion, baina bazen garaia: aurreko ordenagailuak ia sei hilabete zituen. Legez ezarritako erretiro-adina gainditua zuen makina bat erabiltzeak RA1011 arau-haustea eragingo zukeen.
Hogeita hamar iragarki geroago, saioa hasteko pantaila agertu zen. Txartela irakurgailutik pasatu zuen: 25 dolar mahaigainera sartzeko.
Wowser abiaraztea 50 zentimo besterik ez zen kostatzen, eta World Wide Market irekitzen zuen. Iragarkietan zehar klik egin ondoren, Wowser GooBingera iritsi zen. Beste 10 euro. Baina ezin zitzaien bilaketa-enpresei informazioa doan eskaintzea eskatu! Gainera, RA1996 arauak debekatzen zuen: «Ezin da inolako produktu edo zerbitzurik doan eskaini». Horrela, subertsiboek korporazio teknologikoei prezioetan lehia egitea eragozten zen.
Jonek ezin zuen kontrakorik esan: berak ere etekina ateratzen zion teknologia-industriari. RA365 arauak onartutako testu-prozesadorearekin lan egiten zuen, eta lan egiteko aukera ematen zion teknologiari eusteko adina irabazten zuen. iSpyAIk ekoitzitakoaren balioa kalkulatzen zuen, eta software-hornitzailearentzat % 10 kentzen zion.
bizkarrezurrean hotzikara eragingo dizun amaiera irakurtzeko
Lanetik kanpoko kontuetan aritzean, hitzeko kobratzen zioten. Baina azkenaldian gero eta gutxiagotan aritzen zen halakoetan: iSpyAIk haren testuak aztertzen zituen, eta entzuna zuen bere bizilagun gazteak behin maitaleari mezu bat idatzi ziola. Nerabeak Bidali sakatu baino lehen, gizon armatu batzuek etxeko atea indarrez bota eta konorterik gabe utzi arte jipoitu zuten. Orain herrenka ibiltzen zen, eta begi batetik itsu zegoen.
Hala ere, GooBingera iristea garestia zen. Jonek Wowserren ezarpenak ireki zituen. Lehenetsitako ezarpen bat aldatzea zentimo batzuk baino ez zitzaion kostatuko. Hasierako orrialdea aukera aurkitu, eta justlikefood4u.com ezarri zuen haren ordez. Bisita bakoitzean zerbait erosi beharra zegoen (RA0888), baina, edonola ere, hango janariaz elikatzen zen.
Gorde aukeran klik egin zuen.
Pantailan abisu bat keinuka agertu zen. Letra haserretuak, hondo gorri baten gainean:
RA0101 ARAU-HAUSTEA HAUTEMAN DA. GERATU BERTAN.
AGENTEEK LASTER EMANGO DIZUTE LAGUNTZA.
Atean danbateko ozen bat entzun zen. 🚨

KDEk zure softwarearen kontrola zure esku uzten du, mundu digitalean segurtasunez ibiltzeko behar dituzun aukeratzeko askatasuna eta pribatutasuna eskainiz. Dohaintza egin, mesedez, behar dituzun eta gustura erabiltzen dituzun tresnak sortzen jarraitu ahal izan dezagun.

X IBILTARIA
Ateak ez zuen askoz gehiago eutsiko. Hil-bizien gorputzen presioak ateko gontzak gogor estutzen zituen ordurako. Bizirik iraun zutenen taldetxoak atzera egin zuen, garun-jale ustelduen hordaren harrapakin bihurtzeko beldurrez.
Noizean behin, intziri sakon eta ulukari bat ateratzen zen eztarri ustelduetatik: «EEEEeeeeeekkkkssssssssssssssSSS!»
Neska nerabeak begiak zabal-zabal ireki zituen. Telefonoa atera eta abiada bizian idazten hasi zen. Torloju-giltza zeraman emakumeak, izututa, hari begiratu zion.
«Hau bai une aproposa gizarte-sareetan aritzeko, neska».
Neskak ez zion jaramonik egin.
Hil-biziek atearen egur mehea kolpeka zulatu zuten.
bizkarrezurrean hotzikara eragingo dizun amaiera irakurtzeko
Atzapar itxurako esku bat agertu zen zirrikitutik, haragia deseginda eta hezur grisak agerian zituela, eta krisketaren bila haztaka hasi zen. Petodun galtzak zeramatzan gizon gihartsuak ile-kizkurgailuarekin jo zuen, eta esku osoa eskumuturretik askatu zen. Noraezean, alde batera eta bestera arrapaladan ibili zen, armiarma itsu eta izutu baten antzera. Torloju-giltza zeraman emakumeak gogor zapaldu zuen bota militarrekin. Espasmoak eta dardarak izan zituen, hatzetako hezurrak txiki-txiki eginda, eta azkenean geldi geratu zen.
Zonbiak ez ziren berriro horretan saiatu; horren ordez, atea markotik kolpeka ateratzeko ahaleginak areagotu zituzten.
Eta orduan dena... gelditu egin zen. Atea astintzeari utzi zioten, eta ozta-ozta uler zitezkeen marmarrak isildu ziren. Bizirik iraun zutenek, ia ezertarako balio ez zuten armak eskuetan tinko helduta, hil-bizien oin-arrastakarien hotsa pasabidean barrena urruntzen entzun zuten.
«Zer gertatu da?», galdetu zuen torloju-giltza zeraman emakumeak. «Zergatik ari dira alde egiten?»
«Nik badakit zergatik», esan zuen neskak. Telefonoan idazten jarraitzen zuen, baina orain mantsoago. «KDEk bere proiektuetan AA bidez, kodea berrikusi gabe, sortutako kode-zaborra duten bateratze-eskaerak onartzen zituela argitaratu berri dut».
«Baina ez dituzte onartzen», esan zuen emakumeak.
Neskak aterantz eta ateaz bestaldean urruntzen ari ziren izaki gaiztoetarantz egin zuen keinua: «Bost axola zaie».
«Munstro hutsa zara!», marmar egin zuen petodun galtzak zeramatzan gizon gihartsuak. «Gizajo horiek ederki izor—...» 🧟
Oraingo honetan ez zait ezer bururatzen. Tira, dohaintza egin, mesedez, zeren eta… zonbiak?

SINESTUNAK DIRENAK
Hitzaldia ez zen ondo atera. Ez zegoen ez zuzendaririk, ez politikaririk, ez konbentzitu beharreko inor. Zaleak baino ez. Sermoirik behar ez zuen abesbatza bat.
Ate ondoan zegoen gizona izan ezik. Traje eta gorbata dotoreak, erloju garestia eta ilea atzerantz orraztuta. Argi zegoen ez zela software librearen aldeko sutsu horietakoa.
Beste guztiak joan ondoren ere eserita geratu zen. Amaiak arretaz begiratzen zion bere gauzak jasotzen zituen bitartean.
Kaixo? Zerbaitetan lagun diezazuket?» galdetu zion.
Ingurura begiratu zuen, biak bakarrik zeudela ziurtatzeko.
«Neska adimentsua dirudizu», esan zion. «Baina denbora alferrik galtzen ari zara».
Neska. Jakina.
«Zergatik, bada?»
«Ez al zarete kontu berarekin matraka ematen aritu… zenbat? Hogei urte edo gehiago, honezkero? Eta zer lortu duzue? Hemen, erakunde bat LibreOffice erabiltzen (Windowsen); han, Linuxen ezarpen bat garrantzi gutxiko eskualde autonomo batean…»
Irribarre burlatia egin zuen.
«Bitartean, praktikan, administrazio publikoaren % 99k software jabeduna erabiltzen jarraitzen du».
Amaiari begiratu zion, bere hitzek zer eragin zuten ikusteko, baina hark erantzun baino lehen, honela jarraitu zuen:
«Ez nazazu gaizki ulertu. Sorburu irekiko kontu hori guztia. Sendoa. Migratzeko arrazoi bikainak». Aurrerantz makurtu zen. «Eta zuk, zuk baduzu dohaina. Mezua helarazten badakizu. Konbentzigarria zara. Baina konbentzigarria izate hutsak ez du mundua konbentzitzen. Esan nahi dut, non uste duzu daudela oraintxe zure hitzaldiaren benetako hartzaileak?»
«Zerbait disruptiboa, AAren sinergiak, kriptozerbait eta ziberzerbait edo antzeko izenburua duen aurkezpenen batean?»
«Bai, hor ere bai», onartu zuen trajez jantzitako gizonak. «Baina baita…»
Erabakia hartu, erlojuari begiratu eta zutitu egin zen.
«Begira. Erakutsiko dizut zeri egin behar diozun aurre. ‘Yerieg markarekiko leialtasunaren saio-ildoa’ deitzen diogu».
Biltzarraren egitarauari begirada azkar bat eman zion.
«Non dago hori?»
«A! Ez dago egitarauan, baina sinets iezadazu: administrazio publikoetako ordezkariak eta teknologoak elkartzen diren horrelako ekitaldi guztietan izaten da bat».
Gelatik irtetean, jarraitzeko keinua egin zion. Amaiak motxila sorbaldan jarri eta atzetik joan zitzaion.
Gizona aurretik zihoan; Amaiak pentsatu zuen hala egiten zuela berari beldurrik ez emateko. Baina itxura arrunteko ate baten atzeko gela ilun batera eraman zuenean, Amaik zalantzan jarri zuen gizon ezezagun haren atzetik joateko erabakia.
bizkarrezurrean hotzikara eragingo dizun amaiera irakurtzeko
«Nor dago ‘gu’ horren atzean?», galdetu zuen, lasai zegoelako itxurak egin nahian.
«Zer?»
«‘Deitzen diogu’ esan duzu. Norentzat egiten duzu lan? Microsoftentzat? Applerentzat?…»
Une batez isilik geratu zen.
«Ez. Gu… bideratzaileak gara».
Errezela baztertu zuen, eta Amaia ohartu zen noranzko bakarreko ispilu baten atzetik beherago zegoen konferentzia-areto batera begira zegoela. Berekin zihoan gizonak etengailu bat sakatu zuen, eta bilerako hotsak bozgorailu kaskar batetik entzun ziren, karranka.
Bildutako guztiak goi-kargudunen tankerakoak ziren. Denak gizonak. Hizlari nagusi bat ezagutu zuen, ministro bat, mahai-inguru batean parte hartu zuten hainbat eurodiputatu, Luxenburgoko gobernuko digitalizaziorako idazkariordea… Ordezkari bat talde-lanerako software baten abantailak goraipatzen ari zen: «Orain, AA gehiagorekin!»
Gelaren erdian lekua hustu eta landu gabeko egurrezko aldare bat eraiki zuten. Idulkiaren gainean irudi grotesko bat zegoen, txerri-aurpegi gorria, giza enborra eta besoak zituena. Lau beso. Gerritik behera, gorputza garro likatsu berde-beltzen masa nahasi eta korapilatsu bihurtzen zen.
Amaiak sustoaren eraginez salto egin zuen: irudiaren aurpegia bihurritzen ari zen, burua alde batera eta bestera biratzen zuen gela arakatuz, eta garroak bihurrika mugitzen zitzaizkion. Hura ez zen estatua bat, izaki bizidun bat baizik.
«ZER DA HORI!»
«Jesus! Ez dago oihu egiteko beharrik. Hor duzuna Yerieg da. Antza denez, yakak zaintzen dituzten artzain batzuek asmatu zuten espirituen munduari buruzko kontuarekin. Nork esango zuen, e?»
Besoan kolpetxo leun bat eman zion: «Baina oraindik ez duzu ezer ikusi. Begira».
Munstroak bat-batean garroetako batekin eraso egin zuen. Garroa bertaratutakoetako baten lepoaren inguruan kiribildu zen, eta gogor estutu zuen. Munstroak garroaren punta gizonaren aho barrura sartu zuen. Izuaren izuz, begiak irten beharrean jarri zitzaizkion lehenik, eta gero begirada lausotu zitzaion, garroa zurrupatzen hasi zenean. Munstroak irri maltzur bat egin zuen, eta mihi beltza hortz zorrotzen gainetik bizkor mugitzen zitzaion.
Amaia izakiak beste hainbat pertsona ere modu berean harrapatuta zituela konturatu zen. Entzule gehienak, ordurako sorgortuta, piztia nazkagarriak jariatzen zuen dena delakoa ase ezinik edaten ari ziren.
«Ez dakigu ziur gai hori zer den», esan zuen bideratzaileak. «Heriotzaren soma» deitzen diogu. Sekulako drogaldia eragiten du. Infernukoa, hitzez hitz. Itxaron! Nora zoaz?»
Amaia balantzaka irten zen gelatik. Kanpoko pasabide hutsean, okadaka hasi zen, gerritik tolestuta; mundua biraka sentitzen zuen, ahoa listuz betetzen zitzaion bitartean.
«Ondo zaude?» Bideratzailea ondoan zuen. Bizkarrean kolpetxoak eman zizkion.
Uzkurtu eta haren ukitutik aldendu zen. Arnasa sakon hartu zuen, goragalea menderatu nahian. Behin. Bitan.
«Zuek… zuek deabru bati dei egin diozue administrazio publikoekin dituzuen kontratuak bermatzeko?»
«Heriotzaren jainko bat», zuzendu zion trajedunak. «Edo, beharbada, heriotzaren jainkoa bera. Oraindik ez dago argi».
«Burutik jota zaude!»
Azazkalei begiratu eta, etsita, «tx, tx» egin zuen. Lehenago ere entzuna zuen hori.
«Ez. Praktikoa besterik ez naiz», erantzun zion zakar. «Gure bezeroak urduritzen hasiak ziren lobby-jarduerak eta eroskeriak zirela eta. Harrapatzen zituztenean jasotzen zuten prentsa txarra, isunak… Horrek guztiak negoziazioetan posizio ahulagoan uzten zituen. Subiranotasunaren kontu horiek guztiek ere gauzak zaildu dituzte».
Gaitzespenez burua astindu zuen.
«Baina hau?», erpuruarekin aterantz keinu bat egin zuen. «Hau arazorik gabe egin dezakegu. Teknikoki, ez da legez kanpokoa ere».
«Ezin duzue… Ezinezkoa da».
«Gure bezeroek ohiko markoetatik kanpo pentsatzeko eskatu ziguten, ideia txarrik ez dagoela eta halakoak». Sorbaldak altxa zituen.
«Zergatik kontatzen didazu niri?»
«Has gaitezen agerikoenetik: inork ez dizu sinetsiko, beraz, zergatik ez? Norbaiti kontatzeko irrikan nengoen, eta kontatu ala ez, berdin zion. Gainera», hatz bat astindu zuen Amaiaren aurrean, «esan dizut: oso trebea zara zure lanean. Pena ematen dit zure talentua irabazi ezin duzun kausa batean alferrik galtzen ikusteak».
«Baina zuek ere ez duzue irabaziko. Ezin duzue irabazi. Zuek… zuek deabru-gurtzaileak zarete, hitzez hitz!»
«Barkatu, baina ez al duzu ikusi han barruan dugun droga banatzen duen heriotzaren jainko mongoliarra —ez demonioa, ez deabrua—? Askoren artean lehena da. Jainkoak daki…». Bere burua zuzendu zuen: «Hobeto esanda, auskalo zer botere emango digun deitzen dugun hurrengo izakiak. Pandoraren kutxa kontrolpean dugu».
«Baina Pandoraren kutxaren istorioaren muina horixe da: gaitz guztiak mundura askatu zituela. Gizakiok arduragabeak garela eta ezin dugula kutxa kontrolatu».
Amaiaren eragozpenak axolagabe baztertu zituen.
«Batzuentzat gaizkia dena, beste batzuentzat aukera da. Horrelako boterea dugula, nork garaitu gaitzake?»
«Gaizkiaren aurka? Herria! Herriaren borondatea!»
«Hori da herriaren borondatea», bota zion zakar, aterantz buruarekin keinu eginez. «Zuek hautatu zenituzten gizon horiek. Behin eta berriz hautatzen dituzue berberak. Pentsatzekoa zen honezkero konturatuta egongo zinetela gizon horiekin zerbait ez dabilela ondo».
Arnasa sakon hartu zuen. Isilune labur baten ondoren, eskuak altxatu zituen, bake-keinu bat eginez.
«Begira», esan zuen ahots lasaiz. «Uste dut denborarekin gaur erakutsi dizudanaren balioaz jabetuko zarela. Eta inoiz irabazleen aldera pasatzea erabakitzen baduzu…». Txartel bat sartu zion esku sorgortuan.
Bizkarra zuzendu eta atzera pauso bat eman zuen. Gorbataren korapiloa estutu, eta, emakume harrituari tinko begira, erpurua eta erakuslea banandu eta bihotzaren parean zirkuluerdi bat marraztu zuen.
«Hurrengora arte», esan zuen ahapeka. «Goretsia izan bedi Yerieg».
Buelta eman eta ekitaldiaren osteko harremanetarako koktelera abiatu zen, antzera jantzitako beste bertaratuen artean galduz. 🐷

KDE lanean ari da software librea administrazio publikoetan lehenetsitako softwarea izan dadin. Dohaintza egin, mesedez, politikariak eta administrazioko arduradunak (edo, gutxienez, dagoeneko Yeriegen esklabo ez direnak) bide zuzena hori dela konbentzitzeko behar ditugun baliabideak garatu ahal izan ditzagun.

KONTAIGUZU ZURE ISTORIOA
Zure beldurrezko istorioa partekatu nahi duzu? Kuku egiguzu Mastodonen, Redditen edo Discussen, eta zuri gertatutakoa kontaiezaguzu! 💀
