Gau beltzeko funts bilketa berezia
… eta gau beltzera heldu gara. Ongi etorri teknologia-izugarrikerien aratustera!
Bizkarrezurrean zirrara sortzen duten hilen gau ilun luzearen munstrokeriak gehienbat irudimenezkoak diren arren, software jabedun hornitzaile harrapakarien mehatxu makurrak oso benetakoak izaten jarraitzen dute.
Baina ez izan beldurrik! Guk, KDE komunitateak, zure ordenagailuak, telefonoak eta etxetresna elektrikoak jazartzen dituzten aplikazio jabedun beldurgarri eta maltzur guztietatik babestuko ditugu zure lagunak, sendia, enpresa, eta komunitatea.
Ezin dugu bakarrik egin ordea! Zure laguntza behar dugu haraindiko teknologia-deabru hilotz-jaleei aurre egiteko. Erabili inprimakia funts bilketan nahi duzun kopurua dohaintzan emateko eta lagun iezaguzu indar ilunak arrastoan mantentzen.
Bitartean, gozatu (edo sufritu) bi istorio antsietate-eragile berrirekin eta irakasten dizkiguten lezioei buruz hausnartu. Haietatik ikasi, protagonistentzat beranduegi baita…
Dohaintzan emandakoa (egunero eguneratzen da)
| %1 | %1 |
Jabedunaren Amesgaiztoak
OHE BIZIDUNAREN GAUA
Lepo arranpa, gerriko min eta sorbalda minbera epidemia bat izan zen zerbait gaizki zihoanaren lehen zantzua.
Orduan, Karla, ohean ezindua zegoen 80 urteko gure auzokide maitea, gorputza erditik makurtuta hil zen, "Talo baten modura!" auhen egiten zuen haren alargun atsekabetuak. Inork ezin zuen asmatu haren gorputz artritikoa nola moldatu zen halako piuran egotea.
Hiru etxe beherago bizi zen bikotea lozorroan ito zenean, gauzak are arraroago jarri ziren. Etxeko garbitzaileek edredoi-ehuna eta apar biskoelastikoa zintzurrean sartua zutela aurkitu zituzten.
bizkarrezurrean gora zirrara eragingo dizun amaiera irakurtzeko
Bigarren astea da eta ez gara gora igotzera ausartzen. "Haiek" han goian irten nahian entzuten ditugu. Oraingoz beheko solairuan seguru gaude, oraindik ez baitute ateko heldulekuak eta eskailerak erabiltzen ikasi.
Ihes egiteko etxetik irtetea ez da aukera ona. Sukaldeko leihotik izu-ikaraz ikusi genuen gizajo baten saiakera. Korrika autorantz abiatu zen, baina California King ohe zutitu erraldoi batek, bere neurrirako harrigarriro arina, harrapatu egin zuen. Somier gris-arrosa erraldoia bere gainera erori zen, zomorro bat bezala zanpatuz.
Beste gailu batzuk gehitzen ari dira. Ur-iragazki adimenduna erabili genuen azken aldian horren edabe nazkagarria eman zuen, zuzenean kanilatik edatera mugatu behar izan dugula.
Izugarrikeria.
Ezin gara elektronika duen ezertaz fidatu. Telebistak nahastuta gauzka albiste faltsuak eman eta eman — Etxe Zuria eraisten ari direla? zalantzarik gabe AA — beraz, ez dakigu fenomeno globala den edo gure kale itsuaren mikrobertsoari bakarrik eragiten dion.
Kontakizun hau labana batekin sukalde-gaineko marmolean harramazkatzen ari naiz, iPad-a, kutxatik atera aurretik ere gizateria akabatzea planifikatzen ari baitzen. Kontua da, inork inoiz hau irakurtzen badu, etorkizuneko belaunaldiei, ez hain ergelei, ohartarazteko balio izatea.
Zarena zarela, entzun arretaz nire abisuari: Egiten duzuna egiten duzula, burutik pasa ere ez [AWS hodeian konektatutako ohe](https://www.dexerto. com/entertainment/aws-crash-causes-2000-smart-beds-to-overheat-and-get-stuck-upright-3272251/) bat erostea!💀
KDE softwarea lokalki ibiltzen da, zure ordenagailuan zuzenean, zuk hala erabaki ezean lerroko ezein zerbitzutara konektatu gabe. Krita erabiltzeko ez duzu kontu bat ireki beharko; KDE Connectek zure gailu guztiak estekatzen ditu zure etxeko/negozioko tokiko sarean BAKARRIK, Internet zabalera inoiz irten gabe; Kdenlivek baliabideak berariaz hala egiteko eskatzen diozunean bakarrik zama-jaitsiko ditu. KDErekin, zure software guztia zure agindupean dago eta ez ditu lerroko zerbitzarien aginduak onartuko.
KDEri dohaintza eginez, agintea zure esku ipintzen duten, zure pribatutasuna babesten duten, eta lo zauden bitartean zu akabatzeari uko egingo dioten aplikazioak eta inguruneak sortzen jarrai dezakegula ziurtatzen duzu.

HONDAKINEI DARIEN KOLOREA
Baso trinkoetan ibilita, pixkanaka hondakin antzuekin topo egiten duzu. Garoz inguratuta zaude, 20 metroko altuerako zuhaitzen gerizpean, eta ia ez zara konturatzen, puntu batetik aurrera, sastraka mehetzen hasi dela.
Baina txilardian nahikoa sakondu eta baietz konturatuko zara. Laster, oin azpian ez dago berdegunerik. Zuhaitz bakanak, hostoak horituta eta urriak, lurrera gerturatzen dira, enborrak bihurrituta eta gainbeherak ahulduta.
bizkarrezurrean gora zirrara eragingo dizun amaiera irakurtzeko
Herrixka batera heldu nintzen. Jarraitzen nuen bidea txabola hondatuen artean errepide lokaztu bilakatu zen. Jende gutxi ikusi nuen, baina haiek ere bihurrituta eta okertuta zeuden, gehienak bi makulurekin bakarrik ibil zitezkeen.
Mesfidati begitandu ninduten, eta agurtu nituenean ez zuten erantzun. Presaka egin nuen aurrera, eta laster heldu nintzen txilardegiaren ipar-muturrera.
Hostaila berriz ere trinkotzen joan zen etxola bat ikusi nuenean, eta agure bat atarian pipa erretzen ari zen.
"Hirikoa zara ezta?" oihu egin zuen.
"Bai", erantzun nuen. "Leku polita da hau."
"Hori uste baduzu, eguzkiak zure begiei eragingo zien", barre egin zuen. "Tori, zatoz edari bat hartzera, eta utziozu zentzuari itzultzen."
Ibilaldiaren ondorioz nekatuta, tokiko pattar apur baten perspektiba erakargarriagoa egin zitzaidan.
Galdetu nion ingurua hain egoera tamalgarrira zerk ekarri zuen.
"Meteorito bat egon da, ikusten duzu? Han zegoen Garakotxeko etxearen aurka jo zuen", ni etorritako bidera lausoki seinalatu zuen.
Esan zidan nola lurrera zerbait isuri zuen, putzuko ura pozoituz, geroago baita baserriko biztanleen gorputzak eta adimenak ere.
Emaztea instituzio batera eraman zuten, semea basoan barrena zebilen, basati eta biluzik. Garakoetxe zaharra bera ere baserri hustuan noraezean aurkitu zuten, atzerriko hizkuntza batean marmarka. Pozoiak bere azala ilundu zuela eta, legearen agenteek Mexikarra zela pentsatu eta El Salvadorrera bidali zuten.
"Hazten ari da’, meteoritoak atzean utzitako gauza hori, ikusten? Zuhaitzak jaten ditu, baita zomorroak eta piztiak ere."
Dardara egin zuen.
“Benetan?!” Arnas gabe gelditu nintzen.
"Ez, motel!" Hiriko jendeak edozein txorakeria sinetsiko zenukete. Ibaian gora hondakin elektronikoen zabortegi bat dago. Duela urte batzuk, Windows 11ak jendearen ordenagailuetan ibiltzeari utzi zionean, 50 mila ordenagailu zahar bota zituzten hara. Bulldozerrekin eta guzti gainetik ibili ziren inork etxera eraman ez zitzan. Kadmioa, ikusten? Zabor hori ibaian, airean, alde guztietan dago, eta , ondo…" Txilardegirantz imintzioa egin eta sorbaldak altxatu zituen.
"Hala ere," esan zuen nire edalontzia betetzen zuen bitartean, "Okerrago izan zitekeen."
“Nola liteke?”
"Hurrengo herriak Meta AI datu-zentro bat izango du", barre egin zuen. "Belaunaldi baterako izorratu gaituzte, baina lerdo horiek betirako izorratu dituzte”.
Windows 13 urtebete baino lehen argitaratuko dutela isildu nuen. 💀
KDEk bere KDE Eco proiektuarekin teknologia kutsaduraren erronkari heltzen dio. Ez dugu bakarrik exekutatzen den softwarearen karbono-aztarna murrizten, baizik eta gure softwarea energia gutxi kontsumitzen duten eta ustez zaharkituta dauden makinetan dabilela ziurtatzen dugu.
Jabedun software iruzurtiren baten eguneratzea zure uneko ordenagailuan ez delako ibiliko gailu berri bat beharko duzula sinistarazi badizute, berriz pentsatu. Begiratu 10aren amaiera kanpaina, eta ikusi zuk ere zaharkitze-iruzurra nola gainditu dezakezun.
KDEri dohaintza egin eta ziurtatu ingurumenaren alde… baita zure diru-zorroaren alde ere borrokatzen jarrai dezakegula!

KONTAIGUZU ZURE ISTORIOA
Zure beldurrezko istorioa partekatu nahi duzu? Kuku egiguzu Mastodon, Lemmy, Reddit, edo Discussen eta gertatu zitzaizuna konta iezaguzu! 💀

