Plasma 6.8 egun oso berezi batean argitaratzen da: KDEren 30. urteurrenean. Gaur, KDE komunitateak munduari software libre eta sorburu irekiko bikainena eskaintzen daramatzan hiru hamarkadak ospatzen ditugu.
Plasma 6.8 ez da salbuespena, erabiltzaile-esperientziaren atal askotan eta gainazalaren azpian hobekuntzak eskaintzen baititu.
6.8ren ardatza Plasma etorkizunera proiektatzea da: berehala nabarituko dituzun aldaketak gehitzen ditu, eta datozen hamarkadetako zerbitzurako oinarria ezartzeko diseinatutako hobekuntza handi baina sotilekin uztartzen ditu.
Murgil zaitez eta biharko mahaigain-ingurunearen itxura nolakoa den ezagutu!
Ikusi KDEren dokumentala The Story of Free Software Underdogs, gauean, urriaren 14an, 19:00etan CEST.
Gaur bertan erabil ditzakezun hobekuntzak
Irisgarritasun hobea
Kontrol digitala guztion eskura jartzeko egiten dugun etengabeko ahaleginaren barruan, «egonaldi-klikagailua» eginbide berri batek sagu-klik bat bidal dezake erakuslea mugitzeari uzten dionean. Mugikortasun-arazoak dituzten erabiltzaileentzat bereziki diseinatuta dagoenez, sistema modu horretan erabiltzeko ez da kanpoko aplikaziorik behar; orain barruan integratuta dago!
Mundu osoko erabiltzaile gehiagorengana iristen
Plasma 6.8k Bikram Sambat egutegiaren euskarria gehitu du Erloju digitalean, eta amharera hizkuntzarena pantailako teklatuan. Azken bertsioetan Plasma mahaigain benetan unibertsala bihurtzeko ahaleginean txertatutako dozenaka gehigarriren arteko beste bi besterik ez dira.
Bikram Sambat egutegia
Amharerazko pantailako teklatua
Sistema gainbegiratzea
Plasmaren Sistemaren Begiraleari esker zure sistemaren gaineko kontrol-maila handia lor dezakezu. Plasma 6.8n, begiraletik bertatik, konputazio-zama handiko zereginak zuk hautatutako PUZei bakarrik esleitu eta makina arin ibiltzen mantendu dezakezu.
Zure VRAMa ere errazago gainbegira dezakezu, orain zama irakurtzeko erraza den ehuneko gisa erakusten baitu.
Urruneko mahaigaina
Plasmaren barruko urruneko mahaigain-zerbitzariak eskaintzen duen esperientzia leuntzen denbora asko eman dugu. Plasma 6.8n, honako hobekuntza hauek gozatu ahal izango dituzu — eta bidean gehiago daude:
Errendimendu eta kalitate askoz hobeak, sare moteletara eta bizkor aldatzen den pantaila-edukira egokituz, latentziari eta erantzuteko gaitasunari lehentasuna ematen die.
Modu esklusiboak, aukeran, zerbitzariaren pantaila giltzatzen du eta bezeroari haren leiho-neurriarekin zehazki bat datorren alegiazko pantaila bat ematen dio.
Bi noranzkoetarako arbel-sinkronizazioak zerbitzariaren eta bezeroaren artean edukia trukatzea errazten du.
Eginbide hauek haiek onartzen dituzten urruneko mahaigain-bezero aplikazioetan bakarrik izango dute eragina.
Pantaila igortzea eta grabatzea
Spectaclek orain pantaila-grabazioetan, aukeran, sistemaren audioa eta mikrofonoaren sarrera sar ditzake, grabazio bat narratzea edo gertatzen ari den guztia zehaztasunez grabatzea ahalbidetuz.
Plasmaren pantaila partekatzeko atariaren elkarrizketa-koadroak, lehendik dagoen pantaila bat partekatu beharrean, alegiazko pantaila bat sortzeko aukera ematen dizu. Plasma 6.8n, bereizmena 1920 × 1080ko bereizmenera soilik mugatu ordez, orain alegiazko pantailaren bereizmena zehaztu dezakezu.
Gainera, pantaila-grabazioen eta pantaila-igorpenen kalitatea hobetu da.
Itxura atseginagoko hirugarrenen aplikazio-leihoak
Leiho-arauen euskarria gehitu dugu, ikusizko xehetasunak eskaini ezin dituzten bezero-aldean apaindutako leihoei mahaigaineko itzalak, ingeradak eta ertz biribilduak gehitzeko. Plasma 6.8k Steamerako halako arau bat dakar, Plasman etxekoago senti dadin.
AurretikOndoren
Leiho-kudeaketa
Lasterbide global berriak gehitu ditugu erabiltzaile aurreratuei irekitako leihoak Ataza-kudeatzailea trepetarekin kudeatzen laguntzeko. Meta + Ktrl + Orria gora edo Orria behera sakatuta, aurreko eta hurrengo atazen artean ibil zaitezke. Maius ere sakatuta edukiz, ataza aktiboa atzera eta aurrera mugi dezakezu.
Datozen hamarkadetarako oinarriak ezartzen
Gaiak
Duela lau hilabete, Plasma 6.7k Union gaietarako sistema berriaren alfa argitalpen bat ekarri zuen, Qt Quick aplikazioei estiloa ezartzeko duen gaitasuna erakutsiz.
Plasma 6.8k horren gainean eraikitzen du Unionen beta argitalpen batekin: Qt Quick gai-ezarpenerako fintzeak ez ezik, Qt Widgets aplikazioei estiloa ezartzeko gaitasuna ere badakar! Hor sartzen dira KDEren mahaigaineko aplikazio tradizionalagoak, hala nola Dolphin, Kate eta Konsole.
Union oraindik era lehenetsian erabiltzeko guztiz prest ez badago ere, Plasma 6.8k gero eta hurbilago jartzen du KDEren produktu guztiei, eta gehiagori, estiloa ezartzeko erreferentzia-iturri bakarra izatetik. Unionen uneko egoerari buruz gehiago jakiteko, irakurri Arjenen eta Akseliren blog-sarrerak.
Union probatzeko, ziurtatu union paketea instalatuta dagoela (izena banaketaren arabera alda daiteke), aplikatu «Breeze (Union)» Sistemaren ezarpenak → Koloreak eta gaiak → Aplikazio-estiloa atalean, eta gero berrabiarazi aplikazioak edo sistema.
Aplikazioek ohiko Breeze gaiarekin duten itxuraren ia berdina izatea espero da. Unioni berari dagokion arazo bat aurkitu baduzu, mesedez, jakinarazi.
Zeure Union estiloa sortzen esperimentatzeko interesa baduzu, Unionen dokumentazioan gehiago jakin dezakezu.
Wayland
30 urte mugarri ikusgarria da KDE bezalako komunitate batentzat. Baina are zaharragoa da X Window System agurgarria (edo «X11»), 1984an lehen aldiz argitaratua! 42 urtez zerbitzu leiala eman ondoren, Plasman X11 saioak abiarazteko euskarria erretiratzen ari da, Wayland sistema berriagoaren erabateko adopzioarekin batera.
X11rekin alderatuta, Waylandek pantaila eta txartel grafiko modernoetarako euskarri hobea eskaintzen du, eta modu aktiboan garatzen da.
Oraindik X11 behar duten banakako aplikazio gutxiek «XWayland» bateragarritasun-geruzaren bidez funtzionatzen jarraituko dute.
KDE aplikazioek X11 onartzen jarraituko dute etorkizun aurreikusgarrian.
Errendimendua, koloreak eta grafikoak
Plasma 6.8n sartutako bizkarraldeko hobekuntzen barruan, aldaketak egin ditugu Plasma azkarrago zamatu eta memoria gutxiago erabil dezan. Discoverren eguneratze-jakinarazleak ere orain memoria gutxiago erabiltzen du.
KWin-ekin, NVIDIA GPUek orain era lehenetsian buffer hirukoitza erabiltzen dute, eta erabiltzaile guztiek itxura hobea duen HDRa izango dute ICC kolore-profil bat erabiltzean. HLG transferentzia-funtziorako euskarria ere gehitu dugu; horrek esan nahi du lehen HDRn funtzionatzen ez zuten media eta aplikazio batzuek orain espero bezala funtzionatzen dutela.
Baina hori ez da guztia…
Plasma 6.8 aldaketa txikiagoez lepo dator, besteak beste:
kscreenctl tresna berri batek pantailak komando-lerrotik kudeatzea errazten du, eta scriptak eta automatizazioa erabiltzeko aukera ere ematen du.
Kup, KDEren babeskopia-tresna, leundu egin da eta orain Plasmaren parte gisa argitaratzen da.
StrongSwan VPNetarako EAP-TTLS autentifikazioaren euskarria gehitu dugu.
Automatikoki abiarazten diren aplikazioak gaitu eta ezgaitu ditzakezu haien sarrerak ezabatu eta berriro sortu beharrik gabe.
Erabili gezi-teklak Pantaila-konfigurazioa atalean pantailak pixelez pixel mugitzeko.
Erabilgarri ez dagoen inprimagailu batekin inprimatzen saiatzean, sistemak abisu-jakinarazpen bat erakusten du.
Orain, pasahitzak bezalako sekretuak arbelean kopiatzean, zergatik ez diren historian sartzen argitzen da.
Emoji-hautatzailea tresnako emojiak orain neurri desberdinetan erakuts daitezke.
…eta akatsen konponketa eta doikuntza txiki kontaezin, Plasma inoiz baino hobea egiteko!
Probatzeko era errazena USB disko batetik abiatutako irudi bizidun batekin egitea da. Docker irudiek ere Plasma probatzeko era azkarra eta erraza eskaintzen dute.
KDE Software askeko komunitate bat da, beraien denbora eta ahalegina borondatez ematen dutenen laguntzagatik existitzen eta hazten dena. KDE beti dago boluntario eta laguntzaileen bila, izan kodetzeko laguntza, akatsak konpontzeko edo jakinarazpenak bidaltzeko, dokumentazioa idazteko, itzulpenak, promozioa, dirua, etab. Laguntza guztiak esker onez hartu eta onartzen dira. Irakurri KDEri laguntzea orria informazio zabalagoa eskuratzeko edo egin zaitez KDE e.V.ren bazkide babeslea gure Batu jokora ekimenaren bidez.
KDEri buruz
KDE nazioarteko teknologia talde bat da, mahaigaineko informatikarako eta informatika eramangarrirako software aske eta sorburu irekikoa sortzen duena. KDEren produktuen artean daude Linux eta UNIX plataformetarako mahaigaineko sistema moderno bat, bulegorako produktibitate eta talde lanerako suite osatuak eta ehunka software titulu, kategoria askotakoak, tartean, Internet eta web aplikazioak, multimedia, aisialdia, heziketa, grafikoak eta software garapenerakoak. KDE softwarea 60 hizkuntza baino gehiagotara itzulita dago eta erabilera erraz eta irisgarritasun printzipio modernoak gogoan izanda eraikitzen da. KDEren ezaugarriz beteriko aplikazioak bertako gisa exekutatzen dira Linux, Windows, Haiku eta macOS sistema eragileetan.
Marka-abisuak.
KDE® eta K Desktop Environment® logoa KDE e.V.-ren marka erregistratuak dira. Linux, Linus Torvalds-en marka erregistratu bat da. UNIX, Open Group-aren marka erregistratua da Amerikako Estatu Batuetan eta beste herrialde batzuetan. Dokumentazio honetan aipatzen diren gainerako copyright eta marka erregistratuak euren jabeenak dira.
Prentsarako kontaktuak
Informazio gehiago nahi baduzu, bidal iezaguzu e-posta: press@kde.org