Plasma 5.21ek Plasmaren itxura eta erabilgarritasuna eguneratzea du xede.
Asteartea, 2021(e)ko otsailak 16
Aplikazio-abiarazle berria
Aurkitu, eskuratu eta exekutatu zure aplikazioak inoiz baino azkarrago eta errazago, Plasma-ren aplikazio abiarazle berriarekin.
Abiarazle berriak bi beirate ditu zure programak aurkitzea errazteko, eta teklatu, sagu eta ukimen sarrerakoak hobetuta dator, taula osoan irisgarritasunean aurrerako bultzada ematen diolarik.
Eskuinetik ezkerrera idazten diren hizkuntzen euskarria (Japoniera eta Arabiera esaterako) hobetu da. Gainera, «Aplikazio guztiak» ikuspegi alfabetiko bat, eta zure tresna gogokoen sareta ikuspegi bat ere gehitu ditugu, eta energiarekin lotutako ekintza guztiak («Egin lo», «Berrabiarazi», «Itzali», etab.) abiarazle gainerakorraren behealdean kokatu ditugu beti ikusgai eta erabilgarri egon daitezen.
Kickoff aplikazio abiarazle zaharra nahiago baduzu, ordea, klik gutxi batzuetara, KDEren software biltegian dago.
Aplikazio-gaietan hobekuntzak
Itxura eta izaeraren hobekuntzekin jarraituz, Plasmaren gai lehenetsia erabiltzen duten aplikazioek, orain, kolore-antolaera freskatu bat dute eta goiburu-barra estilo berri bateratu bat, itxura berri garbi, bikainekoa.
Breeze Ilunabarra
Ezagutu Breeze Ilunabarra: Plasmarako gai ilun baten eta aplikazioentzako gai argi baten konbinazioa, bi munduetako onenaz goza dezazun. Zure ezarpenetako Gai Orokorrak atalean aurkituko duzu.
Plasma sistemaren begiralea
Plasma sistemaren begiralea, sistemaren baliabideak gainbegiratzeko aplikazio berri bat da, eta orain, Plasmaren zati integral bat da.
Plasmaren Sistema-begiraleak ikuspegi ezberdinen aukera zabala ematen du, oinarrizko baliabideei buruzko informazioaren ikuspegi orokorreko orri bat eskainiz, memoria, diskoko espazioa, sarea eta PUZaren erabilera esaterako. Gainera, baliabide gehien kontsumitzen dituzten aplikazioen ikuspegi azkar bat ere ematen du. Horrek zure ordenagailua moteltzen ari diren aplikazioak aurkitu eta akabatzen uzten dizu.
Xehetasun gehiago behar izanez gero, «Aplikazioak» orriak martxan dauden aplikazio guztiak erakusten dizkizu, estatistika eta grafiko zehatzekin batera. «Prozesua» izeneko orri bat ere erabilgarri dago prozesuen banakako informaziorako, eta «Historia»k zure makinako baliabide-erabilerak denboran zehar izan duen bilakaera erakusten dizu.
Azkenik, zure beharretara egokitutako orri propioak ere sor ditzakezu orri editorea erabiliz. Honek zure sistematik jasotzen duzun informazioa zure beharretara egokitzeko aukera ematen dizu.
KWin eta Wayland
KDE, Wayland-erako lehen mailako euskarria izateko lanean ari da, eta Plasma 5.21ek helburu horretara iristeko egundoko aurrerapena egin du.
KWin-eko konposatzeko kodea luze eta zabal birfaktorizatu dugu eta aldaketek konposatzeko eragiketa guztietan zehar itxarote-denbora murriztu beharko lukete. Konposatzeko ezarpenetan kontrol bat ere gehitu dugu itxarote-denbora murritzago edo animazio leunagoak nahiago dituzun hauta dezazun.
Gainera, Wayland-en freskatze-emari mistoko bistaratze ezarpenen euskarria ere gehitu dugu, hots, pantaila bat 144Hz-ra eta beste bat 60Hz-ra freskatzen izan ditzakezu, ezin hobea lan-estazioak monitore anizkoitzekin hobetzeko. Wayland-en, GPU anizkoitzeko aurretiazko euskarria ere gehitu da.
Wayland-eko alegiazko teklatua hobetu egin da eta orain onartzen ditu GTK aplikazioak «text-input-v3» protokoloa erabiliz. Tableta grafikoen euskarria ere hobetu da, eta orain, aurreko bertsioan falta zituen kontrol guztien euskarria du, kuxin-eraztuna eta kuxin-botoiak esaterako.
Egonkortasun hobekuntza ugariez gain, Wayland-erako euskarri askoz hobea lortzen ari diren Plasma osagai ugari daude. KRunner esaterako, adibidez, Wayland-en irekita dauden leiho guztiak zerrendatzeko gai da, paneleko sistema-erretiluko osagai berri batek teklatuko antolaerari buruz informatzen zaitu, eta orain, GTK 4ek beharrezko dituen ezaugarrien euskarria ematen dugu, GTK 4 aplikazio guztiak ibiliko direlarik.
Sistemako ezarpenak
Plasma 5.21ek orri berria dakar Sistema-ezarpenetan: Plasma Suhesi ezarpenak. Konfiguratzeko modulu honek zure sistemarako suhesi bat ezarri eta editatzen uzten dizu.
Suhesi batek zure sistema kanpoko intrusioetatik babesten edo pribatua mantendu nahi duzun informazioa zure makinatik irten ez dadin blokeatzen lagun diezazuke. Plasma 5.21ek Linux-en erabilienetakoak diren bi suhesi sistemak, «UFW» eta «firewalld», konfiguratzeko era sinplifikatu bat ematen dizu.
Lehendik zeuden konfigurazio-orri batzuk erabat berridatzi dira, eta orain, garbiagoak eta erabiltzeko errazagoak dira. Horixe gertatu da Irisgarritasuna, Mahaigaineko saioa eta SDDM konfiguratzeko moduluekin.
Aplikaziotxoak
«Euskarri Jotzaile» trepetaren antolaera hobetu egin da, eta orain, goiburuan fitxa-barra gisa, unean musika jotzen ari diren aplikazioen zerrenda eransten du. Beste hobekuntza bat da, orain, albumaren azalak trepetaren zabalera osoa hartzen duela.
Plasma Mobile
Plasma, mota guztietako pantailetara egokitzeko diseinatu izan da beti. Mahaigainean lan egin dezake, baina erraz molda daiteke mugikor, tableta edo tarteko edozertan lan egiteko. Plasma 5.21ean mugikorrerako bi osagai berri gehitzen ari gara bertsio ofizialean.
Plasmako telefono osagaiek mugikorreko oskola dute, baita Plasma Mobile-rako berariaz egokitutako plasma trepetak ere.
QQC2 Breeze estiloa «Qt Quick Controls 2» estilo aratz bat da. Trepetetan oinarritutako mahaigaineko Breeze gaiaren ikus-estiloarekin bat dator eta RAM eta GPU erabilera txikirako optimizatuta dago.
Beste eguneratze batzuk
Discover
Arretarik gabeko eguneratzeak onartzen ditu
KRunner
Iltzatu KRunner (ez da automatikoki ixten)
Erloju digitala
Ordu-eremuen euskarri hobea
Soinu aplikaziotxoa
Soinuaren aplikaziotxoak, orain, mikrofonoaren zuzeneko bolumena azaltzen du
Gustavo, gustukoen zuena egiten: teknologiarekin jostatzen.
Plasma 5.21 Gustavo Carneiro-ri eskainia dago, KDEren Brasilgo kolaboratzailea bera, urtarrilean COVID-19ak eraman zuen.
KDE izan zen Gustavoren software askeko lehen esperientzia, eta bere egin zuen. C ++ garatzaile gisa hasi ez bazen ere, gogor lan egin zuen erabiltzen zituen sistemei buruz ikasteko eta haiek hobetzeko.
Beste gauza askoren artean, Gustavo, KDEren terminal emulatzailearen, Konsole, kolaboratzaile garrantzitsua bilakatu zen, eta teknologiak garatzeari ekin zion, horietako batzuk hain berriak, oraindik ez direla argitaratu.
Orain, bere ondarea Konsole-ren baitan bizi da.
Gustavo, eskerrik asko zure laguntzagatik.
Irudi bizidunak («live»)
Probatzeko era errazena USB disko batetik abiatutako irudi bizidun batekin egitea da. Docker irudiek ere Plasma probatzeko era azkarra eta erraza eskaintzen dute.
KDE Software askeko komunitate bat da, beraien denbora eta ahalegina borondatez ematen dutenen laguntzagatik existitzen eta hazten dena. KDE beti dago boluntario eta laguntzaileen bila, izan kodetzeko laguntza, akatsak konpontzeko edo jakinarazpenak bidaltzeko, dokumentazioa idazteko, itzulpenak, promozioa, dirua, etab. Laguntza guztiak esker onez hartu eta onartzen dira. Irakurri KDEri laguntzea orria informazio zabalagoa eskuratzeko edo egin zaitez KDE e.V.ren bazkide babeslea gure Batu jokora ekimenaren bidez.
KDEri buruz
KDE nazioarteko teknologia talde bat da, mahaigaineko informatikarako eta informatika eramangarrirako software aske eta sorburu irekikoa sortzen duena. KDEren produktuen artean daude Linux eta UNIX plataformetarako mahaigaineko sistema moderno bat, bulegorako produktibitate eta talde lanerako suite osatuak eta ehunka software titulu, kategoria askotakoak, tartean, Internet eta web aplikazioak, multimedia, aisialdia, heziketa, grafikoak eta software garapenerakoak. KDE softwarea 60 hizkuntza baino gehiagotara itzulita dago eta erabilera erraz eta irisgarritasun printzipio modernoak gogoan izanda eraikitzen da. KDEren ezaugarriz beteriko aplikazioak bertako gisa exekutatzen dira Linux, Windows, Haiku eta macOS sistema eragileetan.
Marka-abisuak.
KDE® eta K Desktop Environment® logoa KDE e.V.-ren marka erregistratuak dira. Linux, Linus Torvalds-en marka erregistratu bat da. UNIX, Open Group-aren marka erregistratua da Amerikako Estatu Batuetan eta beste herrialde batzuetan. Dokumentazio honetan aipatzen diren gainerako copyright eta marka erregistratuak euren jabeenak dira.
Prentsarako kontaktuak
Informazio gehiago nahi baduzu, bidal iezaguzu e-posta: press@kde.org