Beste hauetan ere eskuragarri dago:

English | Català | Español | Euskara | Italiano | Português | Português brasileiro | Русский | Slovak | Українська

Plasma 5.19

empty laptop with an overlay

Asteartea, 2020ko ekainak 9.

Plasma 5.19 kaleratu da! Argitalpenei eskaintzen dituzten hobekuntzetan oinarritutako izenak emango bagenizkie, honako hau «Leundutako Plasma» izan liteke. Garatzaileek akatsak zuzendu eta bizarrak leuntzen egindako ahalegina itzela izan da.

Argitalpen honetan, lehentasuna eman diogu Plasma koherenteago egiteari, trepeten eta mahaigaineko elementuen diseinuak zuzendu eta bateratuz; zuri, zure mahaigainarekiko kontrol handiagoa emateko lan egin da, Sistemako Ezarpenetan konfiguratzeko aukerak gehituz; eta erabilgarritasuna hobetu da, Plasma eta bere osagaiak erabilerrazagoak eta oro har esperientzia atseginagoa egiteko.

Jarraitu irakurtzen Plasma 5.19aren ezaugarri berri eta hobekuntza guztiak ezagutzeko...

Plasma mahaigaina eta trepetak

Sumatuko duzun aurreneko aldaketa horma-paperarena izango da. Flow, Sandra Smukaste-k diseinatutako atzealdeko deigarriak, zure mahaigainari argi eta kolore ukitu bat ematen dio. Ohi bezala, beste zerbait aukeratu dezakezu mahaigainean eskuin-klik egin eta menu gainerakorreko «Konfiguratu mahaigaina...» aukerari klik eginda. Ikusi nola agertzen den mahaigaineko horma-paper bakoitzaren egilearen izena, haietako bat hautatzen duzunean. Segur aski estimatuko duzun pertsonalizatzeko beste xehetasun bat, osorik berria den argazki-avatar bilduma bat egotea izango da, zure erabiltzailea ezartzean erabilgarri izango dena.

Erabiltzaile-avatar osorik berriak
Erabiltzaile-avatar osorik berriak

Aldaketetako batzuk sotilagoak dira. Hala ere, paneleko bereizleak, esaterako, osagaiak panelean kokatzen laguntzen duen elementu ikusezinak, trepetak automatikoki erdiratu ditzake, eta Plasma 5.19ak diseinu koherente bat eta sistema-erretiluko aplikaziotxoentzako zein jakinarazpenetarako goiburu esparru bat gehitzen ditu. Berehalakoan nabarituko ez dituzun gauzak dira, baina mahaigaineko diseinua ikusmenari dagokionez, oharkabe, erakargarriago egiten laguntzen dute. Ildo beretik, GTK3 aplikazioek berehala ezartzen dute berriki hautatutako kolore-antolaera bat, GTK2 aplikazioek dagoeneko ez dute hautsitako kolorerik eta zabalera-finkoko letra-tipoen neurria 9tik 10era handiagotu dugu, testu guztia irakurgarriagoa eginez.

Sistema-erretiluko aplikaziotxo koherenteak
Sistema-erretiluko aplikaziotxo koherenteak

Sistema-erretiluko, euskarriak atzera-jotzeko aplikaziotxoaren itxura freskatu dugu, eta horrekin lotuta, orain bolumen aginteen ikusgaitasunaren gaineko kontrol handiagoa duzu. Ataza Kudeatzaileko tresna-iradokizunak ere berrikusi dira, Sistema gainbegiratzeko trepeta guztiak hutsetik berridatzi dira eta Ohar Itsaskorrek erabilgarritasun hobekuntza batzuk jaso dituzte.

Berridatzitako Sistema Gainbegiratzeko trepetak
Berridatzitako Sistema Gainbegiratzeko trepetak

Sistemako ezarpenak

Fitxategiak indexatzeko prozesuaren gaineko kontrol handiagoa nahi duten erabiltzaileek, banakako direktorioentzako fitxategiak indexatzeko aukera konfiguragarri berriak estimatuko dituzte. Ezkutuko fitxategiak indexatzea erabat ezgaitu dezakezu hala nahi baduzu. Wayland erabiltzen baduzu, saguaren eta ukimen-saguaren kiribiltze abiadura konfiguratzen uzten dizun aukera berria ere estimatuko duzu.

Ezaugarriez gain Plasmaren itxura eta izaera ere hobetzeko asmoarekin, Lehenetsitako Aplikazioen, Lerroko Kontuen, Lasterbide Orokorren, KWin Arauen eta Atzealdeko Zerbitzuen ezarpen orriak, guztiak berrikusi dira eta hobekuntza txiki asko gehitu zaizkio letra-tipoen konfigurazioari.

Birdiseinatutako ezarpenen orriak
Birdiseinatutako ezarpenen orriak

Guztiaren erabilgarritasuna handitzea da Plasma 5.19aren helburu nagusietako bat, behar duzun atalera iristea errazteko, KRunner edo aplikazio abiarazlea erabiliz Sistemako Ezarpenen moduluak abiarazten dituzunean, Sistemako Ezarpenen aplikazio osoa abiatzen da zuk eskatutako orrian.

Orain Sistemako Ezarpenen aplikazio osoa abiarazten da

Zure bizitza hobetzen duten beste aldaketa txiki batzuk dira Bistaratze ezarpen orriak orain eskuragarri dagoen pantaila-bereizmen bakoitzaren itxura proportzioa erakustea eta zure mahaigaineko efektuen animazio abiaduraren gaineko kontrol aletuagoa izatea.

Informazio gunea

Koherentzia da ondo diseinatutako mahaigain baten alderdietako bat, eta horregatik, Informazio Gunea birdiseinatu da Sistemako Ezarpenekin koherentea den itxura eta izaera batekin. Informazio Guneak zure grafikoen hardwareari buruzko informazioa erakusten duen ezaugarri bat irabazi du.

Birdiseinatutako Informazio gunea
Birdiseinatutako Informazio gunea

KWin leiho-kudeatzailea

KWin leiho kudeatzaileak azpigainazalak kimatzea («subsurface clipping») barneratuta dakar. Ezaugarri honek aplikazio ugaritan dir-dir egitea asko murrizten du, begietako nekea txikituz. Antzekoekin jarraituz, titulu-barrako ikonoak berriz koloreztatu dira kolore-antolaerarekin bat etortzeko, haiek ikustea asko erraztuz.

Ikonoak titulu-barran berriz koloreztatzea
Ikonoak titulu-barran berriz koloreztatzea

Wayland-en ezaugarri berri atsegin bat da, orain, pantailen biraketa ondo dabilela tabletetan eta magaleko bihurgarrietan.

Discover

Discover-rek, softwarea gehitu, kendu eta eguneratzeko aukera ematen dizun aplikazioak, ezaugarri berri bat dauka, Flatpak gordetegiak kentzea asko errazten duena. Discover-rek orain gainera aplikazioaren bertsioa azaltzen du. Hau lagungarria da, adibidez, bilatzen duzun aplikazioaren bertsio bat baino gehiago dagoenean. Behar dituzun ezaugarriak dituen bertsioa aukeratu dezakezu; edo zaharragoa baino egonkorragoa den bertsio bat; edo zure ezarpenarekin hobekien dabilena.

Flatpak gordetegi-kentzea Discover-ren
Flatpak gordetegi-kentzea Discover-ren

KSysGuard

Plasma 5.19arekin datorren KSysGuard-en bertsioak 12 nukleo baino gehiago dituzten PUZak onartzen ditu.

Plasma 5.19(a)ren aldaketen egunkari osoa

KDEri laguntzea

KDE Software askeko komunitate bat da, beraien denbora eta ahalegina borondatez ematen dutenen laguntzagatik existitzen eta hazten dena. KDE beti dago boluntario eta laguntzaileen bila, izan kodetzeko laguntza, akatsak konpontzekoa edo jakinaraztekoa, dokumentazioa idaztekoa, itzulpenak, promozioa, dirua, etab. Laguntza guztiak esker onez hartu eta onartzen dira. Irakurri KDEri laguntzea orria informazio zabalagoa eskuratzeko edo egin zaitez KDE e.V.ren bazkide laguntzailea gure Batu jokora ekimenaren bidez.

KDEri buruz

KDE nazioarteko teknologia talde bat da, mahaigaineko informatikarako eta informatika eramangarrirako software aske eta sorburu irekikoa sortzen duena. KDEren produktuen artean daude Linux eta UNIX plataformetarako mahaigaineko sistema moderno bat, bulegorako produktibitate eta talde lanerako suite osatuak eta ehunka software titulu, kategoria askotakoak, tartean, Internet eta web aplikazioak, multimedia, aisia, heziketa, grafikoak eta software garapenerakoak. KDE softwarea 60 hizkuntza baino gehiagotara itzulita dago eta erabilera erraz eta irisgarritasun printzipio modernoak gogoan izanda eraikitzen da. KDEren ezaugarriz beteriko aplikazioak bertako gisa exekutatzen dira Linux, Solaris, Windows eta Mac OS X sistema eragileetan.


Marka-abisuak. KDE® eta K mahaigaineko ingurunearen® logotipoa KDE e.V.ren marka erregistratuak dira. Linux, Linus Torvalds-en marka erregistratu bat da. UNIX, Open Group-aren marka erregistratua da Amerikako Estatu Batuetan eta beste herrialde batzuetan. Dokumentazio honetan aipatzen diren gainerako copyright eta marka erregistratuak euren jabeenak dira.


Prentsarako kontaktuak

Informazio gehiago nahi baduzu, bidal iezaguzu e-posta:
press@kde.org